Psikologo gisa lan egiteko nire metodologia
Ez da erraza izaten laguntza profesionala eskatzeko erabakia hartzea. Zalantzek, beldurrek, eguneroko ardurek… irtenbiderik aurkitzen ez diogun egoera zail batekin bizitzen jarraitzera eraman gaitzakete, sufrimendu, larritasun edo antsietate egoerak betikotuz.
Horregatik ematen diot garrantzi handia lotura terapeutikoari. Ezinbestekotzat jotzen dut harreman terapeutikoa testuinguru seguru eta konfiantzakoan sortzea, balio iritzirik gabe, laguntza bila datorren pertsona entzuna eta ulertua sentitu dadin. Soilik horrela azaleratuko dira prozesu terapeutikorako hain garrantzitsuak diren egiazkotasuna eta berezkotasuna, nor garen, zer behar dugun eta zer bilatzen dugun ohartzen ahalbidetuko digutenak. Horrela, osasungarriagoak eta atsegingarriagoak izango diren beste aukera batzuk aurkitu ahal izango ditugu.
Pertsona, familia edo bikote bakoitzaren prozesua desberdina denez, iraupena kasu bakoitzaren beharren araberakoa izango da.